Epilepsia duten pertsonek bizitza normala eduki dezakete: lan egin, ikasi, aisiaz gozatu (paseatu, igeri egin, eta abar), ordenagailua erabili edo telebista ikusi, baina arduraz jardun behar dute eta edozein krisi arrisku saihestu. Ezinduen kasuan, funtsezkoa da laguntza ematen duten profesionalak adi egotea horrelako egoeren aurrean eta bitarteko egokiak jartzea krisia saihesteko, betiere, pertsona zentzugabekeriaz behar baino gehiago babestu gabe.
Epilepsiak konfiantzari eta autoestimuari eragiten dio: jendaurrean krisi bat jasatea lotsagarria izan daitekeenez, gerta daiteke horiek jasaten dituzten pertsonek joera edukitzea, kontziente edo inkontzienteki, zenbait egoera saihesteko edo beren harreman maila murrizteko. Pertsona batzuk beren epilepsia ukatu eta guzti egin dezakete eta, ondorioz, tratamendua ez onartzera iritsi.
Krisiak ondorio larriak eduki ditzake, eta baita zoritxarreko ondorioak ere. Funtzionamendu intelektuala okertu dezakete, arreta, ikastea eta memoria kaltetuz. Behin eta berriro errepikatzen diren krisi larri eta luzeek ere pixkanakako kalte zerebrala eragin dezakete. Horrek krisiaren gaineko kontrola eta funtzionamendu intelektuala kaltetzearen alde egin dezake.
Zenbait kasutan, epilepsiak pertsonaren heriotza ere eragin dezake. Hori zenbaitetan gertatzen da egoera epileptikoan zehar arnasa hartzeko arazoak edukitzearen edo bihotzaren erritmoa irregularra izatearen ondorio modura, eta, zenbaitetan, baita krisi luzeetan edo 30 minutu edo gehiagoko krisi errepikakorrak bata bestearen atzetik gertatzean ere. Krisi epileptikoek eurek eragindako istripuei uztartutako heriotza arriskua ere bada, adibidez lesioak edo itotzea eragin bada.