Gizarea da Arabako Gizarte Politiketako Sailak, bere Berrikuntza, Kudeaketa eta Ebaluazio Sistemen Zuzendaritzaren bitartez, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea bultzatu nahi duen Harremanetan Oinarritutako Arreta Ereduaren izena.
Paradigma berri horren aldeko apustua orain dela hamarkada batzuk Sailak kalitatea etengabe hobetzeko hartu zuen konpromisoari atxikitzen zaio. Konpromiso hori etenik gabe sendotu da ordutik, zerbitzuen kulturan, pixkanaka-pixkanakako aldaketa sustatzeko. Abiapuntu gisa, Sailak uste sendoa du, eta horrela egiaztatu du, ezinbestekoa dela zerbitzuetara biltzen diren pertsona guztien (erabiltzaileak, profesionalak eta senideak) premiei, eskubideei eta interesei erantzuteko gauza den jardute-esparrua sortzea, norberak zaintza harremanetan dituen zereginetatik abiatuta, arreta-testuinguru atseginak sortuz. Testuinguru horietan, harremanen alderdia eraldaketa-eragile bilakatzen da, kalitatezko arreta emateko funtsezko tresna, arretan esku hartzen dutenen giza dimentsioaren aintzatespenean oinarrituta, bai eta etengabeko hobekuntza lantzea helburu duten konpromiso eta erantzukizun jarrera kolektibo ere.
Arretaren kalitatea hobetzeko proposamen berri hau guztiz bateragarria da aurreko aldietan ondutako aurrerapenekin, osatu eta hobetu egiten baititu. Egia esatera, testuan azaltzen den bezala, esan dezakegu, neurri handi batean, kalitatezko arreta bermatzeko egin behar den guztiaren inguruko hurbilketa lortu zela aurreko prozesuetan; Harremanetan Oinarritutako Arretaren paradigmak, berriz, ikuspegi hori hedatzeaz gain, esku hartzen duten pertsona guztiengana zabaltzeko, egin behar dena nola egin behar den aletzen du.