Edukinera zuzenean joan

Epilepsia ezintasunen bat duten pertsonengan

  • Elikadura. Epilepsia jasaten duten pertsonen dietatik ez da elikagairik atera behar. Pikanteek, espeziak, hestebeteak, eta abar gomendagarriak ez direla dioen sinesmenak ez du inolako oinarri zientifikorik. Txokolatea, tea, kafea edo kola edariak hartzea ere ez dago zertan murriztu substantzia estimulatzaileak izateagatik. Ezaugarri hori erabilgarri eta guzti izan daiteke epilepsiaren aurkako izaera lasaigarriko sendagaiak hartzen dituzten gaixoengan. Saihestu behar den gauza bakarra da balproato sodikoko (Depakine) gai batzuk edari gasdunekin batera hartzea, izan ere, sendagaiaren absortzioa murrizten dute.
  • Alkohola. Alkoholak krisi epileptikoak agertzearen alde egiten du, beraz, saihestu egin behar da. Substantzia honen eragin kaltegarria larriagotu egiten da, gainera, lo faltarekin uztartuz gero. Aurrekoaren kaltetan izan gabe, disolbagarri gisa alkohola duten xarabe batzuen eragin kaltegarria oso txikia da.
  • Tabakoa. Tabakoa arnas aparatuko arazo larrien, arazo kardiobaskular larrien, minbiziaren, eta abarren eragile dela frogaturik badago ere, oraindik ez da tabakoaren eta epilepsiaren arteko berariazko loturarik eratu.
  • Beste droga batzuk. Frogaturik dago droga guztiek, marihuanatik hasi eta heroinaraino, anfetaminetatik, kokainatik, diseinuko drogetatik, eta abarretatik igaroz, konbultsio krisiak eragin ditzaketela epilepsiarik gabeko pertsonengan. Epilepsia jasaten duten pertsonentzako arriskua are altuagoa da, eta are larriagoa oraindik horrelako substantzien kontsumoa lo faltari, alkoholaren kontsumoari eta epilepsiaren aurkako sendagaiak hartzea bertan behera uzteari lotuta joan ohi dela aintzat hartuz gero.
  • Loa. Loaren erritmoaren nahasmendua epilepsia krisiak eragin ditzakeen faktore bat da. Funtsezkoa da egunero zazpi eta hamar ordu artean lo egitea, adinaren arabera eta, batez ere, oheratzeko eta jaikitzeko ordutegi erregularrak edukitzea.
  • Oka eta beherakoa. Pertsonak sendagaia hartu eta hurrengo hogeita hamar minutuetan oka egiten badu, komenigarria da dosia errepikatzea, izan ere, ziurrenik sendagaia ez da xurgatu. Ordu erdi baino gehiago igaro bada, ziurrenik igaro da jada hesteetara, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango sendagaia berriro hartzea. Beherakoa edukiz gero eta pertsonak dieta bat jarraitu behar izanez gero, sendagaia egunean zehar banatutako dosietan eman daiteke ur koilarakadekin.
  • Txertoak. Hainbat urtean zehar, tosferinaren aurkako txertoa uztartu da krisi epileptikoen sorrerarekin, nahiz eta azterlan bakar batek ere ez duen hori benetan hala denik frogatu. Hala eta guztiz ere, epilepsia aktiboak dituzten haurren kasuan, oraindik lehentasuna du txerto hau ez jartzeak. Gainerako txertoekin frogaturik dago ez dagoela inolako arazorik.
  • Hilerokoa. Emakume batzuk krisi kopuru gehiago edukitzen dute hilerokoaren fasean zehar. Zenbait kasutan, zikloaren fase horretan bakarrik ageri dira krisiak.
  • Ariketa fisikoa eta kirola. Hasiera batean, eta, orokorrean, ez dago inolako arrazoirik epilepsia duen pertsona batek kirola edo ariketa fisikoa egiten duela saihesteko, izan ere, krisirik eragiten ez duten jarduerak dira. Edonola ere, arrisku altuko kirol batzuk saihestu egin behar dira: urpekaritza, eskalatzea, parakaidismoa, eta abar. Txirrindularitza, ekitazioa edo igeriketa bezalako kirolak lagunduta egin daitezke, eta lehenengo biak kasko batekin babestuta eta jende gutxiko tokietan. Edonola ere, kirolak egiteko komenigarritasuna kasu bakoitzean baloratu behar da.
  • Aisia. Epilepsia jasaten duten pertsona gehienek ez dute inolako arazorik telebista ikusteko. Aitzitik, kasu kopuru murritz batek konbultsio erako krisiak jasaten ditu pantailara hurbiltzerakoan kate bat sintonizatzeko edo egokitzeko, batez ere argi gutxi duten geletan egonez gero. Horrelakoetan, gelak behar besteko argia eta argi uniformea eduki behar ditu, telebista toki egokian egon behar da eta egokitzapenak egiteko urrutiko agintea erabiltzea komeni da. Halaber, hiru metrotik beherakoa ez den distantzia batera egotea komeni da. Bideojokoek krisiak eragiten dituzte zenbait kasutan; gaixotasun hau duten haur eta gazteek ez dute haiekin ordubetez baino gehiagoz jolastu behar, gela ongi argiztaturik egon behar da eta komenigarria da pantaila babesleak erabiltzea. Jarraibide horiek, berdin-berdinak, aplikagarri dira ere ordenagailua erabiltzerakoan. Epilepsia fotosentikorra jasaten duten pertsonek saihestu egin behar dute diskoteketara joatea, izan ere, estimulu horrek krisiak eragin ditzake.
  • Nahasmendu psikiatrikoak. Hamarkadetan zehar, sinetsi egin da “nortasun epileptiko” bat bazegoela, eta haren ezaugarri zirela buruko mantsotasuna, oldarkortasuna, humore hauskorra, ezaugarri obsesiboak, eta abar. Ezaugarri horiek epilepsia larriko gaixoengan deskribatu ziren, bilakaera luzekoetan, eta gehienek barbiturikoak hartzen zituzten tratamendu gisa. Egungo ustearen arabera, epilepsiak, edozein gaixotasun kronikok bezala, eragina du pertsonak gizartean jarduteko duen moduan, are gehiago egunero sendagaiak hartu behar baditu, zenbait jarduera mugatu behar baditu, laneko bereizkeriako egoerak bizi baditu, eta abar. Faktore horiek eragiten dute epilepsia jasaten duten pertsona batzuk arazo psikologikoak garatu ahal izatea bizi kalitatea mugatzetik eta gizarte estigmatizaziotik etorrita, eta ez horrenbeste nortasun epileptiko batek eraginda –egun ez da aukera hori onartzen–. Bestalde, epilepsia duten pertsonengan igarritako nahasmendu psikiatrikoak salbuespena dira, arau baino.
  • Bat-bateko heriotza. Konbultsioak dituen krisi batean epilepsia duen pertsonak hartzen duen itxura fisikoa hartuta ere, itotzen ari dela irudituz, oso arraroa da krisi batean hiltzea. Heriotza kasuak elikagaiekin ito  ondoren gertatutakoak izan dira, krisia bazkaltzeko garaian gertatzeagatik, edo oka xurgatzeagatik edo itotzeagatik, aurpegia burkoaren kontra geratzean. Azterlan batzuen arabera, pertsona epileptikoen bat-bateko heriotzak krisi epileptikoen baitan eragindako bihotzeko arritmien ondotik etorri dira, baina hipotesi hori ez da ziurtasunez frogatu.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.