Desberdintasuna egin: alderatu ezindua nola bizi den eta nola bizi nahi duen
Jarraian, beharrezkoa da hasierako planean adierazitako pertsonaren nahiak eta lehentasunak egungo bizitzarekin alderatu eta egiaztatzea eta desberdintasunak aztertzea, bereziki zehaztuz zer alderdik egon beharko luketen haren bizitzan garrantzitsutzat jotzen baititu eta haren bizitzan ez baitaude, eta orain bizitzaren zati diren alderdi horien artean zeintzuk egon beharko ez luketen. Horren bidez zer neurri har daitekeen eta hartzea komeni den zehatz daiteke, hain zuzen, desberdintasun horiek asetzeko eta haren bizimodua haren bizitzeko nahietara ahalik eta gehien hurbiltzea lortzeko. Horrek ondorio gisa garatu beharreko ekintza egutegia izango du.
- Pertsonaren ustez zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Egin behar den lehenengo gauza da pertsonaren egungo bizitzan haren ustez garrantzitsuak diren gauzak ote dauden galdetu geure buruari, egiaztatu eta erregistratu. Egiteko modu erraza da informazioa biltzeko fasean hark garrantzitsutzat jotako eta haren egungo bizitzaren zati diren elementuak kolore deigarri bateko errotuladorearekin markatzea eta beste kolore bateko errotuladorearekin, berriz, harentzat garrantzitsuak diren baina oraingoz haren bizitzan ez dauden gainontzeko gauza guztiak. Erregistroa egiteko, bi zutabetan banatutako berariazko erregistroaren fitxa bat sortzea komenigarria da: dagoeneko haren bizitzan dauden elementu gisa markatu den hori guztia “Pertsonaren bizitzan zerk funtzionatzen du ondo” izenburupeko zutabe batean zerrendatu daiteke; betetzeke dagoen guztia, aldiz, “Pertsonaren bizitzan zerk ez du ondo funtzionatzen” izenburupeko alboko zutabean zerrendatu daiteke. Pertsonaren bizitzan betetzeke dauden gauza horien guztien artean beharrezkoa izango da eremu presakoenak edo oinarrizkoenak markatzea, hobekuntza jarduerak bertan oinarrituta bideratzeko.
- Beste parte hartzaile batzuen ustez zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Pertsonaren ikuspegitik egiaztatzea eginda, beharrezkoa da beste parte hartzaile batzuen ikuspegitik, alegia, alde batetik, familiaren eta, bestetik, laguntzarako kideen ikuspegitik, ere modu berean jardutea. Aurreko kasuan bezala, komenigarria da bi zutabetan banatutako berariazko erregistroaren fitxa bat sortzea: dagoeneko haren bizitzan dagoen eta garrantzitsutzat jo duen hori guztia “Pertsonaren bizitzan zerk funtzionatzen du ondo” izenburupeko zutabe batean zerrendatu daiteke; betetzeke dagoen guztia, aldiz, “Pertsonaren bizitzan zerk ez du funtzionatzen” izenburupeko alboko zutabean zerrendatu daiteke.
Egiaztatzeko prozesu horren amaieran, hortaz, bi fitxa egongo dira: lehenengoa, bertan ezintasunen bat duen pertsonaren egiaztatzea jasoko da; eta, bigarrena, bertan beste parte hartzaile batzuen egiaztatzea jasoko da.