Atal honetan azaldu den bezala, Sentipenen Esparrua oso zabala da. Zalantzarik gabe, zabaltasun horrek ahalbidetzen du esparruaren unibertsaltasuna, eta, beraz, haren aldakortasuna, arretan parte hartzen duten alde guztien pertzepzio subjektiboak kontuan hartzeko eta hainbat gizatalderentzat antolatutako zerbitzu anitzetara egokitzeko.
Esparruaren aplikazioa errazteko asmoz, sentipen horiek lortzen laguntzen duten faktoreak zehazten joan dira xehetasun handiagoz, bai Sentipenen Esparrua diseinatzeko lanaren barruan, bai hura hainbat arreta ingurutan probatu eta aplikatzeko orduan.
Faktore horietako batzuk oro har aplikatzekoak izan daitezkeen arren, hau da, zerbitzu mota guztietan arruntak edo erkideak diren arren, horietako asko aldatu egiten dira zerbitzuaren izaeraren eta artatutako pertsonen ezaugarrien eta beharrizanen arabera. Horregatik, egokiagotzat jo da horiek guztiak gomendio gisa agertzea eskuliburu honen eranskinetan.