Egoitzan hasteko eguna oso abagune bikaina da adinekoari segurtasun sentipena transmititzeko, hark sentipen hori egoitzarekin lotu dezan, egoitza bere etxea bezain leku segurua dela hautemateko, pertsona gehienentzat, etxea baita lekurik seguruena. Pertsona babesteko ongietorriko giroa sortuz gero, egoiliar berria infantilizatu gabe, sentipen hori izaten lagun diezaioke; ondoko jarraibideak ildo berekoak dira.
- Komeni da egoitzaratze eguna prestatzea:
- Egoitzan eguneko unerik lasaienean sartzen programatzeko saiakera egin behar da, profesionalek arreta egokia eman diezaioten lehenengoz egoitzan sartzen den pertsonari; horrez gain, egoitzaratzen denarentzat ere eguneko une egokia izan dadin saiatu behar gara.
- Lagunduta joateko proposatuko diogu eta azalduko diogu laguntzaileak, biek nahi izanez gero, eguna berarekin eman dezakeela egoitzan.
- Langileei eta, behinik behin, egoitzan sartzen den pertsonarekiko harreman arruntena izan dezakeen erabiltzaile bati edo biri etorreraren berri jakinaraztea, iritsitakoan, bertara daitezen, beren burua aurkez dezaten eta ongietorri beroa egin diezaioten.
- Gozotasunez, aditasunez eta enpatiaz jokatu behar da:
- Etorri berriari harrera egiten dioten profesionalek eta erabiltzaileek beren burua aurkeztu behar dute eta ongietorri beroa eta zintzoa egin.
- Hasierako unean, oso garrantzitsua da egoitzan hasten den pertsonari bere buruaren kontrola edo nortasuna bera galaraz diezaioketen egoerak edo prozedurak saihestea, hala nola soinean daramatzan baliozko objektuak, dokumentuak edo botikak kentzea; azterketa medikoa egitea edo egoitzan sartu eta berehala bainatu dadin proposatzea.
- Komeni da zer tratu jaso nahi duen galdetzea (zuka edo hika jardutea, bataioko izenaz deitzea ala ez eta abar) eta gainerako egoiliarren eta profesionalen aurrean nola aurkeztea nahi duen itauntzea.
- Egoiliar berriaren logelak ondo aireztatuta egon behar du, eta ongietorria emateko opariren bat jartzea komeni da, adibidez, lore sorta bat.
- Langileren batek oinarrizko alderdi batzuk azaldu beharko dizkio, pertsonari inguruarekin ohitzen laguntzeko:
- Oinarrizko instalazio batzuk non dauden: egoitzako komunak, jantokia, eskailerak, igogailua, larrialdietarako irteerak…
- Otorduen ohiko ordutegia.
- Igogailua, alarmako txirrina eta telefonoa nola dabiltzan.
- Norengana jo behar duen beharren bat edo zalantzarik duenean.
- Lasaigarria izan daiteke beste egoiliarren batek anfitrioiarena egin dezan eta egoiliar berriari egoitzatik paseatzen lagundu, bidean topatzen dituzten beste erabiltzaile batzuk aurkeztu edo lorategia zein terraza bisitatu.