Egoiliarrekiko, senide eta hurbilekoekiko eta beste profesional batzuekiko harremanez denaz bezainbatean, konfiantzan eta tratu onean oinarritutako arreta eredu batean, inplikazio emozionala askoz handiagoa da, nahitaez. Osasun arloan eta gizarte zerbitzuen arloan aplikatzen den ohiko jarraibidearen aurka, non hoztasuna erakusten duen jarrera agertzea sustatzen den, arretan esku hartzen duten pertsonen arteko harreman jatorrak finkatzeak eta haiei eusteak lotura emozional handia dakar, eta horrek, aldi berean, erabiltzaileentzako arreta hobetzen eta langileen gogobetetzea handitzen laguntzen du.
Horiek horrela, ezinbestekoa da egoitzek laguntza eta gainbegiratze sistemak jartzea profesionalen esku, banakakoak eta/edo taldekoak, arretari lotutako eguneroko jardunean dituzten kezkak, zalantzak eta beldurrak kudeatzen laguntzeko, bai eta, egoiliar batzuekiko harremanetan, bereziki, dementziak jota dauden pertsonekiko harremanetan, arazoak eragiten dituzten portaera zailak kudeatzeko ere. Irtenbide horiek, prestakuntzako eduki teoriko eta praktiko egokiekin batera, oso baliagarriak dira profesionalek segurtasun sentipen hauteman dezaten.