Profesionalentzat, segurtasun sentipenaren funtsezko osagaietako bat da gaikuntza nahikoa dutela sentitzea, hots, esleituta dituzten funtzioak egoki betetzeko behar duten ezagutza badutela sentitzea. Horretarako, lanpostuak betetzeko legez eskatzen diren prestakuntza eta esperientzia baldintzak alde batera utzita, ezinbestekoa da egoitzak berak, edo egoitza atxikita dagoeneko erakundeak, hasierako eta etengabeko prestakuntza-plana izatea eta langileei prestakuntza-edukietarako modua bermatzea. Horretarako, jarraibide hauek betetzea komeni da:
- Hasierako prestakuntzaren esparruan zein etengabeko prestakuntzaren esparruan, egoiliarren eskubideak errespetatzea kalitatezko arretaren ezinbesteko baldintza dela bermatzea, bai eta egoiliar, senide edo hurbileko beste pertsona batzuekiko harreman jatorrak izatea ere, eta jakina denez, profesionalen artean.
- Prestakuntza-ikastaroen edukia profesionalen benetako eta lehentasunezko beharretara egokitzea. Zalantzarik gabe, beharrezkoa da profesionalei galdetzea, haiek antzematen dituzten prestakuntza-beharrak zeintzuk diren zehazteko. Hala eta guztiz ere, baliteke zuzeneko kontsulta bat egitea beti ez izatea biderik egokiena prestakuntza gabezia larrienei erantzuteko, eta, beraz, kontsulta horren osagarri, egokia izan daiteke gorabeheren erregistroa egitea. Erregistro horretan, profesional bakoitzak, izena adierazi beharrik gabe, baina lanbide kategoria adierazita (erizaina, laguntzailea, sukaldeko arduraduna…) bereak dituen eginkizunak betetzean ikusi dituen arazoak idatziko lituzke, gorabehera horiek gertatzen diren unean, bai eta horiek konpontzeko izan dituen zailtasunak edo zalantzak ere eta, azkenik, aukeratu duen konponbidea. Erregistro hori aldian-aldian berrikusteak aukera emango luke prestakuntza gabeziak edo arreta irizpideetako desberdintasunak antzemateko, eta horiek kontuan hartuta, birziklatze eta prestakuntza-ikastaroak antolatzeko.
- Aurreko guztiagatik, profesionalak arretaren funtsezko alderdietan prestatu behar dira, hala nola ondoko gaietan:
- Erabiltzaileen eskubideak.
- Harreman pertsonalen garrantzia ematen den arretaren kalitatean eta langileen gogobetetasunean.
- Arreta ematean, harremanen alderdia txertatzeko jarraibideak.
- Egoiliarrak mobilizatzea eta mobilizazio hori errazteko ekipamenduak erabiltzen jakitea.
- Arreta pertsonala artatutako pertsonaren duintasuna eta pribatutasuna errespetatzen direla bermatzeko baldintzetan emateko jarraibideak.
- Adinekoekiko komunikazioaren lanketa, dementziak jotako egoiliarrekin komunikatzeko jarraibide espezifikoak aintzat hartuta.
- Egoera terminaletan jarduteko jarraibideak.
- Larrialdietan jarduteko jarraibideak.
- Langileei egoera zailak kudeatzeko prestakuntza ematea, batik bat, zuzeneko arreta ematen duten profesionalei, egoiliar batek banako eskubideren bat baliatzeak besteen eskubideei eta askatasunari eragiten dienetan, edo pertsona bat gainerako taldekideen aurrean irainka edo nagusikeriaz jokatzen duen egoeretan.
- Langileei prestakuntza ematea arazoak eragiten dituzten jokabideak kudeatzeko.
- Langileei prestakuntza ematea murrizketa fisiko edo kimikoak erabiltzearen ordezko esku hartzeen inguruan.
- Langileei prestakuntza ematea pertsonen premia aldakorrak ezagutzeko eta haiekiko enpatiaz jokatzeko gai izan daitezen, bereziki, trantsizio-uneetan (egoitzan hastea, ospitaletik itzultzea, maite dituzten pertsonak galtzea) eta bizitzaren azken aldira iristen direnean.
- Kasuan kasuko prestakuntza emateko testuingururik egokiena definitzea, eta prestakuntzak beti eduki teorikoak eta praktikoak izan ditzan zaintzea.
- Langileak gogatzea, pertsona egoiliarren batekiko eskarmentua dela eta, beste profesional batzuei arreta pertsonalizatzen lagun diezaieketen erak proposatzera eta eztabaidatzera.
- Ikuspegi objektiboagoa eman dezaketen edo gutxi ikertu diren jakintza motak ezagutaraz ditzaketen kanpoko taldeei irekitzea.