Edukinera zuzenean joan

Harremanetan oinarritutako arretaren printzipioak

Harremanetan Oinarritutako Arreta elkarren artean oso estu lotuta dauden printzipio espezifiko batzuen inguruan eraikitzen da. Honako hauek dira:

  • Harremanek giza alderdia aintzat hartu behar dute

Arretaren esparruan ezartzen diren harremanetan esku hartzen duten pertsonak –erabiltzaileen eta profesionalen artean, profesionalen eta senideen artean edo profesionalen artean– gizabanako bakanak dira, biografia propioa dute, esperientzia, ezagutza, balio eta ametsen multzo propioa dagokie eta horiek guztiek haien mundu subjektiboa, nortasuna eta izaera osatzen dute.

Funtsezkoa da harreman horietan parte hartzen duten pertsona guztiek kontuan har dezaten eta horretaz balia daitezen zerbitzuan ezartzen dituzten harremanak aberasteko, gizabanako guztien osotasuna errespetatuz, pertsona bakoitza bere eginkizun edo zereginetik harago ikusten saiatuz, eta zaintza harremanetan —zaintza jasoz edo emanez— eta harreman hori gertatzen den inguruabarrean duten esperientzia zaintzan esku hartzen duen pertsona bakoitzaren giza alderdiaren aintzatespenaren emaitza edo isla izan dadin saiatuz.

  • Maitasuna eta emozioak funtsezko osagaiak dira zaintza harremanetan

Maitasuna eta emozioak berezkoak dira harremanetan hasteko, harremanei eusteko eta harremana amaitzeko aldian, bai eta zaintza harremanetan ere. Zaintzaren esparruan, profesionalak laguntza eskaintzen dio erabiltzaileari, haren senideari edo beste profesional bati, zaintzari lotutako eginkizunak eginez ez ezik, emozioak, enpatia eta errukitasuna erabiliz eta gainerakoekiko begirada atsegina izanez ere bai, izugarri erakundetuta dauden egiturei darien neutraltasun afektiboaren jarreratik urrun.

Arretan esku hartzen duten gainerako pertsonekiko harremanetan, bereziki, artatutako pertsonarekiko harremanetan, jarrera enpatikoa eta errukiorra agertzeak ahalbidetu egiten du beste aldeak bere emozioak (poza, gogobetetzea, beldurrak, gabeziak) agertzen eta komunikatzen laguntzen eta horrek, aldi berean, profesionalak eskaintzen duen arretari buruzko esperientzia hobetzen du, eta zaintza eginkizunaren muinarekin, hau da, bere lanbidearen izaerarekin berarekin bat egiten laguntzen dio.

  • Harremanak elkarrekikotasun eta elkarren mendekotasuneko esparru batean gertatzen dira

Arreta ematea osatzen duten ekintzak ez dira bereiz gertatzen; aitzitik, elkarrekiko eraginaren ingurumari batean jazotzen dira, bai erabiltzaileen eta profesionalen arteko harremanetan, bai profesionalen eta senideen arteko harremanetan, bai profesionalen arteko harremanetan.

Harremanak jatorrak badira, arretan esku hartzen duten pertsona guztiek eragin onuragarria izaten dute, harremanen loturak aberasten ditu, eta horrek gizaki gisa hazteko aukera ematen die; langileen kasuan, zer esanik ez, lanbidearen ikuspegitik ere bai.

Esparru horretan, elkarrekikotasunaren, elkarren arteko loturen eta elkarren mendekotasunaren osagaia, moralaren ikuspegitik, ona, aberasgarria eta onuragarria da alde guztientzat, harremanen beharrezko eta nahitaezko elementu den aldetik, esparru instituzionalei datxezkien harreman asimetrikoen erabat aurka.

  • Zaintzan esku hartzen duten pertsona guztiak «adituak» dira zaintza harremanetan

Zaintza harremanetan esku hartzen duten pertsona guztiek —erabiltzaileak, profesionalak eta senideak— arretari lotutako ezagutza, bizipen eta esperientzia batzuk dituzte. Bestela esanda, pertsona horiek guztiak, nor bere tokitik, adituak dira, batzuk zaintza ematen eta beste batzuk zaintza hartzen.

Aurreko guztiek besteen gaitasunak aitortu eta kontuan hartu behar dituzte; bereziki, profesionalak ohartu behar dira haiek ez direla «aditu» bakarrak zaintza harremanen esparruan.

Horrek ez du esan nahi ezaupide guztiak parekagarriak direnik, baina ez dira hierarkizatu behar, ezagutza teorikoari enpirikoari baino balio handiagoa emanda, intuiziozko ezagutzari arrazoibideari baino, profesionalen ezagutzari erabiltzaile eta senideen ezagutzari baino, edo alderantziz. Esan nahi baita, hainbat ezagutza eta esperientzia mota elkartzen direla zaintzan, eta horiek guztiak kontuan hartu behar direla harremanok eraikitzeko.

  • Eguneroko zereginak eta ohiko lanaldiak, harremanak sortu, haiei eutsi eta harremanak sendotzeko aukerak

Pertsonen arteko harremanak ezartzea, horiei eustea eta sendotzea lanbide jardunaren atal gisa kontzeptualizatzen eta balioesten dira, eguneroko jardueretan eta ohiko lanaldietan txertatuta.

Ezinbestekoa da enpatia eta errukizko keinu txikiak, bakunenak eta oinarrizkoenak, agerraraztea, zeregin konplexu eta espezializatuak bakarrik edo nagusiki balioetsi beharrean, lehenengoen estatusa eta arretari lotutako izaera onar daitezen.

Bost printzipio horiek ditugu Harremanetan Oinarritutako Arretaren berariazkotzat har ditzakegunak, hots, arreta mota hau beste ikuspegi batzuetatik bereizten dutenak. Gainera, beste printzipio batzuei ere atxikitzen zaie, arretaren beste pentsamolde batzuekin bat datozenei: arretaren jarraitutasuna da horietako bat, baina honako printzipio hauek ere aipa daitezke, besteak beste: diziplinartekotasuna, diskriminaziorik eza aniztasunaren berdintasunetik, informazioaren tratamendu konfidentziala edo etengabeko hobekuntza.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.