Pertsonei ematen zaien arretaren eremuan, dela gizarte arloan, dela osasun arloan, paradigma berriaz jarduteak esan nahi du arreta ulertzeko beste modu bat mahairatu nahi dela, une horretara arte asistentzia edo laguntzaren esparruaren oinarri izan diren ikuspegi edo filosofien aldean aldaketa esanguratsua dakarrena. Horrek ez du esan nahi, halabeharrez, paradigma berria aurreko ikuspegien aurka edo lehen egindakoak arbuiatuz egiten denik, arreta antolatzen eta eskaintzen den ikuspegia hein handi batean baldintzatzen duen aurrerapen erabakigarri legez.
Harremanetan Oinarritutako Arretari gagozkiola, esan daiteke ikuskeraren aldaketa dela, jomuga zabaltzeko ahalegina, aurreko ikuspegiarekin alderatuta, hau da, arretaren pertsonalizazioan datza, edo, bestela, Pertsonak Helburu dituen Arretaren Paradigman. Ikuspegi berri horren esparruan, erabiltzailearen arretaren kalitate ona bermatzeko –erabiltzailearen osotasuna eta bakantasuna aintzat hartuta–, nahitaezkoa da arretaren ingurumari atsegina sortzea, oinarrizko hiru baldintza batera gertaturik:
Lehenengoa dugu harremanen alderdiari garrantzia eman behar diogula, bektore «terapeutikotzat» erabiliz, hau da, arreta gizatiartzeko bektoretzat, gizakien izaera eta arretan parte hartzen duten guztien bakantasunaren elkarrekiko aintzatespen enpatikoa aintzat hartuta. Egitate hori harreman mota guztiei aplika dakieke, hau da, esku hartzea gauzatzen duten bi alde bereiziren arteko harremanei (erabiltzaileen eta profesionalen artekoak edo senideen eta profesionalen artekoak), talde bereko pertsonen arteko harremanei (profesionalen arteko harremanak edo erabiltzaileen arteko harremanak) eta hiru aldeek parte hartzen duten harremanei (erabiltzaileen, senideen eta profesionalen arteko harremanak).
Azken batean, harremanen alderdia dugu zaintza komunitatearen sentimendua sortzea ahalbidetzen duena, eta komunitate horren jardunbide egokia harremanen kalitateari, harremanen jatortasunari eta elkarrekikotasunari atxikitzen zaie, ezaugarri horiek onuragarriak baitira alde guztientzat. Horrek bigarren baldintza dakarkigu.
Bigarren baldintza dugu arretan parte hartzen duten pertsona guztien eskubideak, premiak, interesak eta balioak kontuan hartu behar direla: zalantzarik gabe, erabiltzaileen eskubideak bereziki kontuan hartu behar dira lehenengoz, ahulenak direlako, bai eta haien senideenak edo hurbilekoenak eta profesionalenak ere, bakoitzaren eginkizuna edozein dela ere. Hori guztia, egitura konplexua delako, arretaren filosofiari, bideragarritasunari eta eraginkortasunari lotutako interesak dituen zerbitzu jakin baten antolamendu esparruaren barruan.
Sare konplexu horretan, kontua da interes erkideen eremua aurkitzea, ahalik eta zabalena, zerbitzu batean esku hartzen duten «aldeak» edo «taldeek» elkarren «aurkariak» ikusi beharrean, norberarenak ez diren interesak dituztelakoan. Eta hori lortzeko modua izan daiteke, senide baten zaintza informalean sarritan gertatzen denez, talde bakoitzak bestearen interesak partekatzea, besteen beharrez jabetzea, bestearen ongizatea norberaren ongizatearen zati ere badela antzematea, baina hori jatortasunean, enpatian, errukian (adierarik garbien edo berezkoenean) eta elkarrekikotasunean oinarritutako harreman pertsonalen esparruan besterik ezin da lortu.
Harremanen esparru horretan, hirugarren baldintza dugu, arretaren arloan, pertsona guztiak «adituak» direla onartzea eta balioestea: profesionalak ez ezik –arretaren inguruko ikuspegi ohikoek dioten bezala– erabiltzaileek eta haien senideek ere ezaupideak eta esperientzia badituzte zaintzaren hartzaile eta emaile diren aldetik, eta ezaupide horiek guztiek egiazko «gaitasuna» ematen diete, eta gaitasun hori baliatuz, ekarpen baliotsuak egin ditzakete eta parte har dezakete arretaren diseinuan eta jardueran.
Egia da aipaturiko alderdiak ez zeudela guztiz kanpo aurreko ikuspegietan, baina aitortu behar da, haien esparruan, ildo horiek garrantzi txikiagoa zutela, ia-ia instrumentala. Harremanetan Oinarritutako Arretaren Paradigman, harremanen autua funtsezkoa da arreta eskaintzerakoan, eta lehengo ikuspegi horiek ere bete nahi zituzten helburuak modu jasangarrian gauzatzea ahalbidetzen duen elementua da: eskubideak errespetatzea, arreta pertsonalizatzea, eta arretaren kalitatea eta bizi-kalitatea etengabe hobetzea.
Nolabait, esan daiteke arretaren beste ikuspegi horiek egin beharrekoa jorratzen zutela; Harremanetan Oinarritutako Arretak, berriz, begirada esku hartzen duten pertsona guztiengana hedatzeaz gain, arreta nola gauzatu behar den azpimarratzen du. Eta azkena, «nola egin behar den», «zer egin behar den» baino askoz ere egitate abstraktuagoa da, sotilagoa, atzematen, definitzen, taxutzen eta adierazten zailagoa.