Edukinera zuzenean joan

Harremanetan oinarritutako arretaren jatorria eta oinarria

  • Sorrera eta funtsa osasun arloan

Harremanetan Oinarritutako Arretaren Paradigma osasun arloan sortu zen, Estatu Batuetan 1990eko hamarkadan garatu zen hausnarketa sakon baten eta eztabaida bizi baten ondorioz.

Gizarte zerbitzuen inguruabarretik urrun samar dagoela eman dezakeen arren, oso jakingarria da paradigma berriaren sorreran eta oinarrietan labur-labur barruratzea; izan ere, zalantzarik gabe, alde guztiak gorabehera, sistemari egindako kritika asko eta horiek hobetzeko proposamenak gure esparrura ekar daitezke, eta proposatutako aldaketaren arrazoiak eta dohainak ulertzen lagun diezagukete.

Aipatutako hausnarketa jazo zen AEBetako osasun sistema garai hartan pairatzen ari zen krisi larriaren ondorioz. Krisi horrek zalantzan jarri zuen arreta emateko modua, osasun lanbideen jarduna bera, bai eta osasun arloko profesionalen prestakuntza akademikoa eta praktikoa ere. Gogoetaldiari ekiteko, «The Pew-Fetzer Task Force» izeneko lantaldea eratu zen, C.P. Tresolini doktoreak zuzenduta. Hasierako mandatua lanbide sanitarioen prestakuntza birpentsatzea izan zen, baina laster ohartu ziren osasun arretaren esparru filosofikoa berraztertzera hedatu behar zela ekimena. Eta hausnarketa horren emaitza izan zen lehendik zeuden arreta paradigmen ordezko paradigma berria proposatzea; paradigma berri horrek paradigma biomedikoaren ordezkoa izan behar zuen, bai eta paradigma biopsikosozialaren ordezkoa edo pazientearengan oinarritutako arretaren paradigmaren ordezkoa ere.

Irtenbidea Harremanetan Oinarritutako Arretaren Paradigma izan zen, osasun arloko lanbideen jardunari doazkion funtsezko balio berriak eraikitzeko eta gertatzeko egokientzat jo zelarik. Esan gabe doa balio berri horiek harreman elementuan oinarritzen zirela, hainbat adierazpidetatik oinarri ere: pazienteen (eta senideen) eta osasun profesionalen artean; osasun profesionalen artean; eta osasun profesionalen eta komunitatearen artean.

Azterketan, lantaldeak oinarrizko ziurtapen bat izan zuen abiapuntu: garai hartako osasun zientziek eta hezkuntzak, neurri handi batean, paradigma zientifiko desegokia zerabilten une horretan: paradigma mekanizista. Paradigma horren esparruan, erabat bereizten ziren gizakiaren gorputz baldintzak eta gogamen egoera, pertsona bera bizitzako gertaeretatik, harremanetatik eta ingurumen baldintzetatik. Alderdi horiek guztiak gaixotasunean eragina izan zezaketen faktoretzat hartzen ziren, baina bigarren mailakotzat hartzen eta horrela tratatzen ziren, molekulen edo zelulen mailan, gaixotasuna eragiten zuten kausen aldean. Gogamen edo buruko egoera, gertaera edo harremanen baldintza horien eta pazientearen egoera fisikoaren arteko kausazko loturak aurkitzen zirenean, berriz, halakoak anomaliatzat jotzen ziren eta, orduan, emaitza hori eragin zuen faktore fisikoa edo kimikoa aurkitzen saiatzen ziren. Bestela esanda, lantaldeak argitaratutako txostenean bertan esaten den bezala, gaixotasunak zelulen edo molekulen esparrura mugatzen zituen ikuspegi murriztailea erabiltzen zenez, biologiak −bizitzaren zientziak− berariaz baztertzen zituen psikologia, etologia eta ekologia.

Lantaldearen iritziz, gertaerak ikusteko modu hori ez zen egokia osasun arreta integrala, modernoa, osasunaren baldintzatzaile ugari eta banaezinak aitortzeko eta horiei erantzuteko gai izango zena egituratzeko. Horretarako, beste paradigma bat behar zen, izaki bizidunak organismotzat hartzen dituen paradigma bat, alegia, mekanismotzat hartu beharrean, eta makinek ez dituzten nolakotasunez hornituta daudela aitortu: hazteko, birsortzeko, sendatzeko eta ikasteko nolakotasunak.

Paradigma bat edo bestea hautatzea ez da hutsala, ez da abstrakzio teorikoaren mailan soilik geratzen den zerbait, errealitatearekin loturarik ez duena. Osasun arloan, gaixotasunen, tratamenduen eta sendabideen kausak zehazteko eta ulertzeko ondorioak ditu, bai eta harremanen izaeran ere.

Horri dagokionez, hemen interesatzen zaizkigun ondorioez den bezainbatean, azpimarratzekoa da paradigma mekanizistaren ezaugarri esanguratsu eta adierazgarrienetakoa dela behatzailea behatutako gertaeratik kanpo dagoela, eta horrek bidea ematen diola emozioetatik at dagoen ikuspegi urrun eta  neutrala hartzea. Paradigma organizistan, aldiz, behatzailea behatutako gertakariaren barruan dago eta gertakizun horretan parte hartzen du: biek elkarri eragiten diote. Ikuspegi horretatik, izaki bizidunek zentzumen seinaleak hauteman eta interpretatu egiten dituzte, eta interpretazio horrek mundu subjektiboa eraikitzen du, behatutakoaren ikuspegi propioa, modu jakin batez erantzutea dakarrena, eta, era berean, erantzun horrek behatutako errealitatea moldatzen du eta eragina izaten du beste pertsonaren mundu subjektiboan. Beste modu batera adierazita, argiro esan behar da urruntasuna eta neutraltasuna ez direla gertagarri, errealitatearen pertzepzio subjektiboaren arabera hartutako jarrerak eragina baitu errealitate horretan. Harremanaren bi zatiak ez dira unitate bereizi eta independenteak: elkar behatzen dute, behatzen dutena interpretatzen dute, nork bere mundu subjektiboa eraikitzen du, eta bi aldeen arteko elkarrizketak mundu horiek aldatzen ditu: hortaz, biak aldatzen dira prozesu horretan. Ondorioz, harremanen alderdia osasun arloko arretaren funtsezko elementua da.

Txostenak azpimarratu zuenez, ikuspegi berriaren ezarpenak eragina izan behar zuen osasun arloko lanbideen hezkuntzan, ez harremanen alderdiaren ikaskuntza besteetatik bereizitako jakintza arlo  berri bihurtzeko, osasun arloko lanbideen multzoan txertatzeko baizik, medikuntzako edo erizaintzako profesionala izateko moduan.

  • Paradigmaren hedadura gizarte zerbitzuetara

Laster batean, gizarte zerbitzuen esparruak, osasun arloaren modukoa izateko joera duela beti,  ikuspegi berriarekiko interesa agertu zuen. Berriz ere, Estatu Batuetan gertatu zen lehenengoz, Zerbitzuetan Kultura Aldatzera bideratutako mugimenduaren barruan (bereziki, adinekoentzako egoitza zerbitzuetan), gero Erresuma Batuan eta beste herrialde anglo-saxoi batzuetan, eta, geroago, maila apalagoan, Europako beste herrialde batzuetan, eta arretaren sektore askotan aplikatu zen: gizarte lanean, haurren eta nerabeen babesean, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen arretan.

Osasun arloan bezala, gizarte zerbitzuen eremuan ere, ohituraz, artatutako pertsonen ahotsak oihartzun txikia izan du: erabakiak hartzeko prozesuari ekarpenik ez edo ekarpen txiki-txiki egin zioketela pentsatzen zen, eta zer esanik ez, erabiltzaileek dementzia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna bazuten. Erabakiak profesionalen eta senideen esku zeuden, eta, funtsean, arretaren «zama» kudeatzeko moduari erreparatzen zioten, ez pertsonari bizitza proiektu bat garatzen laguntzeari.

Denboraren poderioz, jardunbide hori zalantzan jartzen hasi ziren, eta gizarte zerbitzuetako ikertzaile eta profesional ugarik aldarrikatu zuten erabiltzaileek parte hartzeko beharra, beraien premiak eta lehentasunak ezagutzeko beharra, beraien egoera eta arreta antzemateko edo sentitzeko modua eta etorkizunari aurre egiteko modua. Pertsonak Ardatz dituen Arretaren Paradigmak norabide horretan egin zuen, batez ere, hasierako formulazioan; ildo horretan, dementzia duten pertsonei ematen zaien arretaren arloan egiazko aurrendaria izan zen Kitwooden ikuskera nabarmendu zen. Kitwoodek dementziak jota zeuden pertsonen giza izaeraren aitorpenean oinarritutako arreta emateko estrategiaz eta jarraibidez osatutako ikuspegiaren alde egin zuen, giza izaera hori hurbileko eta errespetuzko harremanen bidez indartzeko helburuz.

Hala eta guztiz ere, gerora, harremanen osagai horrek Pertsonak Ardatz dituen Arreta Paradigmaren hasierako formulazioetan zeukan garrantzia galdu zen, eta haren ordez, asmo onez baina ikuspegi paternalista batetik, beste ikusmolde bat erabiltzen hasi zen, pertsona erabakien erdigunean jartzen zuena, baina, arretaren jardunean, erabakiak hartzen pertsonari benetan parte hartzerik ematen ez ziona, eta, gainera, ez zuen errazten harreman orekaturik ezartzerik, non zaintza harremanetan daukan ezagutza eta esperientzia baliozkotzat jotzen diren eta arretaren diseinuan txertatzea komeni den. Bestalde, Pertsonak Ardatz dituen Arretak artatutako pertsonaren beharrizan, eskubide eta interesetan soilik jartzen du arreta, zaintzaileenak −profesionalak zein senideak−, kontuan hartu gabe. Horrek guztiak desoreka sortzen du asistentziaren multzoan.

Laburbilduz, esan dezakegu Pertsonak Helburu dituen Arretak, orokortu den bertsio «arin» honetan, ez duela atxikitzen zaintza harremanei doazkien elkarren mendekotasuneko eta elkarrekikotasuneko elementua. Eta kritika horrek bultzatu du, gizarte arloan, Harremanetan Oinarritutako Arretaren Paradigma aldeztea. Paradigma horren esparruan, ikusi denez, arretan esku hartzen duten alderdi guztiak, nor bere tokitik, zaintza harremanetan adituak direla jotzen da, eta erabakiak hartzen parte hartzeko ezaupideak eta bizipenak badituztela.

Ikuspegi berri horrek aitortzen du harremanek ingurumari egokia sortzen dutela zerbitzuetan emandako arretaren berezko eginkizun eta jarduera ugari garatzeko: harreman horien esparruan, informazioa trukatzen da, baliabideak esleitzen dira, banakako arreta programak diseinatzen dira, eta emandako arretaren emaitzak balioesten dira. Eginkizun eta jarduera horietako bakar bat ere ezin du garatu arretan esku hartzen duen alderdi bakar batek bakarrik: erabiltzailea, haren senideak, profesionalak, zuzendaritza, erakundea eta, azken batean, komunitatea lotzen dituzten harreman askotarikoen maiztasuna, intentsitatea eta kalitatea daude tartean. Eta erdietsitako hobekuntzak, arretaren kalitateari, gogobetetze pertsonalari eta bizi kalitateari dagokienez, harreman sare horren jardunbide onaren ondorio zuzenak dira.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.