Arreta enpatiko edo ulerbera eta errukiorra eraikitzean, harremanek garrantzi handia duten arren, aitortu behar da harremanen lanketa ez kontzeptualizatzeko eta lan gisa ez balioesteko joera dagoela zerbitzuetan. Pearsonek dioen bezala, enpatiaz eta errukitasunez blaitutako ekintza txikiak ikusezinak dira, «sinpleak, oinarrizkoak eta periferikoak» direlako, «konplexu, espezializatu eta nagusitzat» jotzen diren beste batzuen aldean. Eta ikusezintasun horren ondorioz, ez zaie estatusik aitortzen zerbitzuen plangintza egiten, kudeatzen edo zerbitzua ematen dutenen buruan. Egia esatera, ekintza txiki horiek ez dira igartzen; horien gabezia da, ordea, agerikoena.
Beraz, ikusarazi egin behar dira, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da horrelako harreman batek bereizgarri dituen elementuak ezagutzea, halakorik dagoenean. Garrantzitsuenak hurrengo taulan jasota daude.
Egiatan uste badugu harremanetan oinarrituko jarduna giltzarria dela arretaren inguru atsegina sortzerakoan, funtsezkoa da harremanen balioa aitortzea eta estatusa ematea, baliabideak esleitzea eta langileei emoziozko laguntza emozionala eskaintzea, nork bere buruarengan konfiantza nahikoa izan dezan elkarrizketa esanguratsu eta ezinbestekoetan, konfiantzan oinarritutakoetan, parte hartzeko, pertsonarengana hurreratzeko, hobeto ulertzeko eta, ezagutza horretan oinarrituta, harekiko enpatiazko harremana garatzeko.