Zerbitzura sartzeko unean, beharrezkoa da sartzen den pertsonarekin eta, hala badagokio, erreferentziazko senidearekin, balorazio integrala egitea, eta, horretan oinarrituta, arreta pertsonalizatuko plana diseinatzea, ikuspegi integral hori lantzen duena, arreta ahalik eta gehien pertsonalizatuko dela bermatzeko. Pertsonalizazioa segurtasun sentipenaren funtsezko elementua da; izan ere, ondo eginez gero, pertsonaren nortasuna, hau da, giza izaera eta bakantasuna kontuan hartzen direla erakusten duen adierazpena da. Horixe da arreta onaren gakoa. Eta esandakoa lortzeko, funtsezkoa da ondokoak gauzatzea:
- Egoiliarren eskubideei eta, aldi berean, egoitzazko egituraren antolakuntzako aukerei lotutako premiei erantzuteko aukera ematen duten arreta irtenbideak aurki behar direla aintzat hartzea, horiek bateragarriak bihurtzeko ez ezik, elkarrekiko ongizatea sustatzeko oreka negoziatuz. Elkarrekiko ongizatearen ondorio hori edozein hobekuntza prozesuren eragilea da eta oinarrizko printzipio batean oinarritzen da, maizegi ahazteko joera daukaguna: arreta jarraibideak duintzeak duintasuna ematen diela artatutako pertsonei eta jarraibide horiek aplikatzen dituzten profesionalei.
- Egoitzetan hausnartzea, «izaera integrala» eta «arretaren pertsonalizazioa» terminoek duten esangurari benetako zentzua eta balioa emateko, eta banakako balorazioa eta plangintza pertsonalizatua ikuspegi horretatik birpentsatzeko, ikuspegi burokratikotik ihesi, azkena datuak erregistratzera mugatzen baita, ikuspegiak dakarren ahalmen guztia garatu barik, arreta diseinatzeko eta eskaintzeko tresna dinamiko eta parte hartzaileak diren aldetik.
- Banakako balorazioaren eta plangintzaren ikuspegi integrala eta pertsonalizatua lantzeak esan nahi du bitartekoak erabiliko direla «pertsona ezagutzeko», «nola sentitzen den» ulertzeko eta ezagutza horrek isla argia izan dezala taxutzen diren arreta eta laguntza moduetan. Ezagutza horrek ondokoak biltzen ditu:
- egoiliarraren bizitzaren historia, pertsonak berari buruz jakitea nahi duen heinean;
- senide eta adiskideekiko harremanak;
- gaitasunak (bizipenak, ezagutza, trebetasunak, zaletasunak);
- azturak;
- lehentasunak eta desirak;
- erabiltzailearen mugak eta horiei lotutako arrisku nagusiak, eta laguntza premiak;
- erabiltzailearen mina eta hura kontrolatzeko modurik onena, kontuan hartuta minek eragin handia dutela autonomia fisikoan eta mina jasaten duen pertsonaren aldartean;
- eskatutako laguntzak emateko erabili beharreko arreta jarraibideak;
- hala badagokio, erabili behar ez diren laguntza jarraibideak.
- Balorazioak eta planak dinamikoak eta biziak izan behar dute, etengabe eguneratzeko aukera emanda, beharren eta lehentasunen bilakaeraren arabera egokitzeko.
- Funtsezkoa da langile guztiek adeitasunez, errespetuz, zuzentasunez eta ulerberatasunez trata ditzaten egoiliarrak, bai ahozko harremanetan, bai, hala badagokio, eguneroko bizitzako jarduerak egiten behar duten laguntza fisikoan.